Autoitzulpena, berridazketa eta bertsioak

Posted on 2012/05/14 by

5


superyo

“Askotan egin ohi den galderari buruz berriz, alegia, zergatik ez dituen Martinek berak bere lanak itzultzen, bi ipuinekin izandako esperientziaz baliatzen da ezinezkotzat jotzeko. Lana nekea eta aspergarria egiten zitzaion, egile izateak baimentzen zuenez etengabe traizionatzen zuen testua, eta zailtasunak aldentzearren, edo hobetu asmoz, hainbeste urruntzen zen jatorrizkotik non une batetik atzera birsortze bat bilakatzen zen emaitza, lehenengo bertsioa baino hobea agian, inondik inora ez jatorrizkoa. Ezinezkoa zitzaion, oroz gain, sortzeko ahalmen handiagoa eskatzen zuten lanak zeuzkalako zain. Hori esan zion proposamena onartzeko konbentzitu zuenean. Idazlea da, kaka-idazlea ziur asko, baina idazlea azken finean, eta ez itzultzailea”.

(Saizarbitoria, Martutene, 2012: 112)

Autoitzulpena kultur ekoizpen heterogeneoa da, hamaika aldetatik begiratu ahal zaiona, eta alde bakoitzari erreparatuta, beste hamaika ertz begi bistan uzten dituena. Autoreak beren hizkuntza eta kultura aniztasun eta identitate (inkontzienteki ere) hibridoan murgildu eta negoziaketa bizian hasten dira, nork bere lana beste hizkuntza batera itzultzean. Nor hobe autorea bera baino sormen lana itzultzeko? Nork ezagutuko du obra hark baino hobeki? Nola eutsi aspaldi, edo ez, idatzitakoa hobetzeko tentaldiari? Eutsi behar al zaio? Autoitzulpena itzulpena da? Edo bertsioa edo berridazketa? Idaztearekin batera egiten bada, zein da jatorrizkoa? Nola ez egokitu edo noraino egokitu behar du autore eta itzultzaileak obra xede hizkuntzako kulturara, gizartera? Zergatik ematen zaio autoreari itzultzaile soilak ez duen zilegitasun eta askatasuna? Hamaika galdera eta erantzun gutxi gaurkoan, baina eztabaidarako tema gozagarria eta egungoa; aste batzuk ere ez dira igaro, esaterako, Saizarbitoriak Sautrelako azken saioan bota zuenetik idazle batzuek beren obraren itzulpenean pentsatzen ez ote duten idazten.

Idazle elebiduna bi zeinu sistema eta bi irakurle multzoren artean dabil, testu bat bi hizkuntzatan sortzeko. Sortu. Hala egiten duela dirudi, Bernardo Atxagak bezala, batera gaztelerazkoa eta euskarazkoa, adibidez, idazten duen autoreak, baina ez dago hain argi bataren eta bestearen artean denbora gehiago, urteak, batzuetan, pasatzen denean. Idazleak urrunago du obra, kritikak bere lana eginen zuen, hutsuneak eta akatsak nabarmenduz, baita ere, eta autorearen ibilbide profesionalak eta irakurketek literaturaren, idazkeraren edo delakoaren ikuspegian eraginen zuen, seguruenik. Halakoetan, zail egiten da itzulpen gisara ikustea, baita sorkuntza gisara ere, are komunikabideek beste izen batekin iragartzen badute. Adibide bat ematearren, aurrekoan Eider Rodriguezen Un montón de gatos obra kaleratu berritan, Diario Vascok “versión en castellano” izendatu zuen liburua autoreari eginiko elkarrizketaren atarian.

Egiaz, gaur egun pil-pilean dagoen gaia da hori, hots, autoitzulpena itzulpena edo berridazketa ote den. Eztabaida horretarako arrazoietako bat izan daiteke autoitzulpenaren gaia ez dela orain gutxi arte itzulpengintzako ikuspegitik landu, baizik eta elebitasunari lotu izan zaiola. Hala aldarrikatzen zuen, besteak beste, Rainier Grutmanek Routledge Encyclopedia of Translation Studies (2000) delakoan. Besteak beste, Samuel Beckett, Julien Green eta James Joyce idazleen autoitzulpenak elebitasunaren eta hizkuntzalaritza alderatzailearen ikuspegitik aztertu izan dira (Lopez L.-Gay, 2008). Zenbaitek idatzi du Beckett ez zela itzultzailea, baizik eta egile rolean aritzen zela beti, berridazketa itzulpena baino hurbilago zuelako. Michel Oustinoffek Beckett eta Joycen autoitzulpen lanak birsortze moduko zerbait zirela dio, jatorrizkoarekin alderatuta ohiko itzulpenek baino aldaketa “esanguratsuagoak” dituztelako.

Hausnarketa honetan defendatuko dugun ikuspuntua da autoitzulpena nahitaez dakarrela berridazte bat, baina horrek ez duela esan nahi itzulpenaren alorretik kanpo geratzen denik, aitzitik, azpi-diziplina bat da. Berridazketa idazketa modu bat bada, idazketa hori ez da jatorrizkoaren parekoa. Autoitzulpenak itzulpenak ez dituen berezitasunak dituela ezin uka, bai eremu soziokulturalari bai hermeneutikari dagokionez, baina jatorrizkotik gehiago edo gutxiago urruntzen den auzia gorabehera, beste itzulpen modu bat baino ez da.

Autoitzulpenaren gakoetako bat izan daiteke nork bere obra itzultzen duenean, hartzailearen begiekin irakurri eta beste hizkuntzara[1] ekarri behar duela testua, ez igorlearen begiekin. Ez dirudi, ordea, erraza izan daitekeenik betaurrekoen gisara begiak aldatzen ibiltzea. Christopher Whytek (2002) esan zuen autoitzulpenak ez duela deus inuzentetik, “itzulpena mugak zeharkatzea da, hizkuntza bat beste baten esperientzia eta erritmoekin kutsatzea; autoitzulpena, ordea, erbestean edo azpiratze gordineko egoeran gertatzen da, hizkuntza batek beste hizkuntza baten lekua hartu nahi dueneko egoeran, alegia”. Gurera ekarriz, bistan da zein den azpiratuta dagoen hizkuntza, eta autoitzulpena gertatzen denean, jatorrizkoa are azpiratuago geratzeko arriskua dagoela esan daiteke, euskarazkoa baino erdarazkoa erreferentziatzat hartzen bada. Iritzi irmoa du eskoziar idazle eta itzultzaileak, poema bat bere testuingurutik erauztearekin parekatzen baitu autoitzulpena, testuinguru hori poema idatzi zeneko hizkuntza bera izan baitaiteke.

Ildo beretik eta aunitz urte lehenago, Paul Valéryk[2] idazleari testua ezagutzeak ematen dion balizko abantaila deuseztatu zuen, testu baten benetako esanahia ez dela existitzen aldarrikatzen baitzuen. “Behin argitaratzen denean, testua mekanismo bat da, nolabait esateko, edonork bere modura eta ahalik eta hobekien erabil dezakeen mekanismoa: ez da ziurra egileak auzokoak baino hobeki erabiliko duenik. Gainera, egileak ongi baldin badaki zer egin nahi zuen, jakintza horrek beti oztopatuko du egin zuenari buruzko ustea”. Aski arrazoiketa zentzuduna da, behin baino gehiagotan kexatuko zitzaion idazlea itzultzaileari: A, hori ulertzen duzu paragrafo horretan? Ba nik beste hau esan nahi nuen… Ikuspegi horren arabera, idazleak esan nahi zuen hark ez du balio, norberak ulertzen duena baizik, nolabait. Idazlearen asmoak, nahiak, interpretazioa, itzalean geratzen dira, egunkarien kultura sailean, eta irakurleak ematen dio zentzua, interpretazioa, lerro arteko irakurketak hitzez osaturiko testua baino ez denari, eta gehienetan, igorlearen eta hartzailearen irakurketek ez dute bat eginen. Pentsa daiteke horrek zaildu egiten duela itzulpena, nolabait, hizkuntzaren filosofian maiz eztabaidatu den eremu labainkorrean sartuko ginatekeelako: noraino dio testuak, non hasten da irakurlearen interpretazioa. Idazleak berea botatzen duenean, ordea, testua baino ez dago, pragmatika, testuinguru, kultura eta nahi den guztiarekin, baina testua, funtsean.

Antzera, Samar Attar (2005) ikerlariaren ustez autoitzultzaileek ezin dute hizkuntza batean sorturikoa beste batean errepikatu. Idazleek beren lanaren itzulpenaren bidez beste testu bat sortzen dute, jatorrizkoaren oihartzuna ez ezik, xede hizkuntzan eta kulturan oihartzun eta efektu berri bat daukana. Ohiko itzulpenek dakarten irakurri-idatzi bikotea baino, Attarek idazketa prozesu bikoitza (idatzi-idatzi) egozten die autoitzultzaileei. Beraz, “haien testu itzulia jatorrizko testuaren bertsioa edo aldaera da, hau da, beste jatorrizko lan bat”.

Autoitzulpenaren ikerketan maiz aipatzen den beste gai bat Mikhail Bakhtin filosofo errusiarraren dialogismo[3] kontzeptuarena da. Literatur testu guztietan gertatzen bada ere, autoitzulpenetan bistakoagoa izan daiteke, testu beraren bi bertsioak irakurlearekin eta beste testuekin nahasten baitira. Testuaren bertsio bakoitzari irakurle multzo bat dagokio, eta, beraz, baliteke bataren eta bestearen artean kultur lehia eta ezadostasunak egotea. Scheinerren (2000) hitzetan, dialogismoaren barneko harreman horrek sortzen du bi testuen arteko aldea: “autoitzulitako testua ez da inoiz jatorrizkoaren erreplika bikaina izanen, bi horiek ez baitira testuinguru berean sortzen”. Argudio horrekin bat eginik ere, berdin aplika diezaiokegu beste norbaiten obra itzultzeko jardunari, hor ere testuingurua ez datorrelako bat. Autoitzulpenean subjektu bakarra dago, bi zeinu linguistiko, bi kultura eta bi gizarteren artean dabilena, baina aurrenekoz idazterakoan ere bi zeinu linguistiko, kultura eta gizarte horietarik bat aukeratzen du ekoizpenerako, eta itzultzerakoan ere gauza bera egin beharko du, zeinu linguistikoa, kultura eta gizartea beste bat izanik ere. Kontua da, noraino baldintzatzen duen xede kulturak eta gizarteak zeinu linguistikoa eta edukia bera, noraino den autorearen berridazteko nahia eta noraino kanpo behar batek sorturikoa.

Gurera ekarriz

Elizabete Manterolak orain gutxi eskainitako elkarrizketan zioenez, euskarazko idazleen autoitzulpenak gaztelaniara egin dira batez ere, nahiz eta frantsesez ere aurkitu duen bat edo beste. Hain zuzen, Manterolak dioskunez, gaztelaniara itzulitako euskarazko testuen %35,03 da autoitzulpena, gehiengoa, alegia. Halako kopurua ezin da testuinguru soziopolitikotik bazter utzi. Idazle elebidun edo eleanitzek beren egoera linguistikoan igeri egiteko duten estrategietako bat da autoitzulpena, halere, ez da hori izaten diziplinarako arrazoi nagusiena. Lopez de Gasenik (Autoitzulpengintza haur eta gazte literaturan, Utriusque Vasconiae, 2005) arrazoi hauek ematen ditu autoitzulpenerako: idazleek bi hizkuntzak menderatzen dituztela erakusteko nahia; autoreek beren lana berridazteko beharra sentitzea; arrazoi ekonomikoak edo itzultzaile falta; eta literaturaren berezitasunak hala eskatzea. Lopez de Gaseniren esanetan, gaztelaniazko eta frantsesezko bertsioak kanonizatzen dira beste hizkuntzetara eginiko itzulpenetan, euskarazkoaren kaltetan. Liburuak euskal literaturarekin lotzen duen zerbait badu, beraz, edukia edo gaia izanen da, ez jatorrizkoa euskaraz izatea.

Norentzat idazten dute euskarazko idazleek erdaretara itzultzen dutenean? Halako zerbait galdetu zien Bego Montorio itzultzaileak Jon Alonso, Harkaitz Cano eta Juan Luis Zabala idazleei, EIZIEk antolaturiko lantegi (2008) batzuetan. Alonsok tokiko erdal irakurlea duela buruan esan zuen, Canok eremu geografikoa baino hizkuntzaren arteko bereizketa egiten zuela, eta Zabalak, berriz, ikuspuntu unibertsalago batetik begiratzen ziola auziari. Alonsok eta Canok erdal komunitatearekiko ekarpen gisara ere ikusten dute autoitzulpena. Besteenak bai baino haren lanen itzulpenik egin ez duen Zabalak zera gehitu zion erantzunari: abiapuntua ez daukat euskal idazlearena, idazlearena baizik”. Horrelakorik posible al da? Unibertsala esan nahi al zuen? Idazle soil eta hutsa ez dago, haren testuinguru linguistiko eta sozialetik aske dena, modu unibertsalistan ulertuta, esan nahi dut. Euskaraz idazten duen autoreak ez du adjektibo hori behar, inplizituki baitarama “euskal” barnean, ezkutuan. Nehor ezin da hortik askatu, ahaleginak ahalegin. Zabalak berak erantzuten dio segidan galdera horiei: “nahiz eta gero, praktikan, hizkuntzarekin egiten ditudan jokoekin eta bestelako erreferentzia batzuekin gauza hemengoagoetara jotzen dudan”. Iruditzen zait, Zabalak bere obraren bat itzultzeko erabakia hartuko balu, pentsatu baino hemengoago iritziko liokeela lanari, praktikan.

Batean edo bestean, autoitzultzeko arrazoiak anitzak izanen direlakoan gaude. Ez dut oraindik aukerarik izan Manterolaren tesiari begiratu bat emateko, eta agian ausartegi jokatuko dut, baina esanen nuke autoitzulpena ez den eta erdaretara itzuli diren euskarazko lanetarik edo autorerik aunitzek Espainiako Sari Nazionala jaso dutela. Horrelako berme arrotzik ezean, tamalez, aski zaila dute euskarazko idazleek beren lanak erdaraz ikusteko, eta lehen aipaturiko itzultzaile eta aurrekontu ezak bultzatuta ekingo zion batek baino gehiagok bere lana itzultzeari. Hain zuzen, horrek eraman zuela autoitzulpenera zioen Harkaitz Canok berak, “denbora gutxi zegoela edo dirurik ez zegoela”.

Cano behin baino gehiagotan mintzatu da hizpide dugun diziplinari buruz. Pasaia Blues gaztelaniara itzuli zuenean Elkar aldizkariak eginiko elkarrizketan zioen autoitzulpena idazlearen mamuei aurre egiteko modua dela. Bertsio bat sortzeko tentaldia etengabekoa dela ere aitor zuen, “dela benetako itzultzaile batek egingo zukeen moduan arazo bati aurre egiteko ezintasunagatik, dela kapitulua dagoeneko gustatzen ez zaizulako, edo besterik gabe ez aspertzeko…”. Aitzitik, bada autoitzulpena egin ezinen zukeen idazlerik. Jon Alonsok testua itzuli baino birsortu eta berridatziko lukeela dio, “eta ez dut nahi, planteamendua ez baita hori”. Alta, planteamendua hori ez bada ere, hori da pixka bat muturra sartuz gero ikus dezakegun joera. Canorentzat, aldiz, “saihestezina da aldaketak egitea, batzuetan, jatorrizkoa izorra dezakezula jabetuta ere, baina neurri batean izorratzeko eskubidea ere badaukazu”. Horrelako eskubide eta askatasunak, zalantzarik gabe, ez lituzke idazlea ez den itzultzaileak hartuko. Non da muga, ordea? Zabalak aldarrikatzen du autoitzulpenaren egoera egoki bakarra jatorrizkoa argitaratu aurrekoa dela (Atxagaren ohitura jartzen du adibidetzat). Egia da, batetik, lanean murgilduta orduan dagoela idazlea, orduan dakiela ongi zer adierazi nahi duen, present daukalako; baina kontrako arrazoi gehiago aurkitzen dizkiot nik horri. Esaterako, ez al du orduan gaztelerazkoak euskarazkoa baldintzatuko? Ez al litzateke, nahi gabe ere, gaztelerazko kultura, gizartea gailenduko, euskarazkoaren kaltetan? Zein litzateke jatorrizkoa (jatorrizkorik behar baldin bada)? Bi hartzaileak argi izanik ere, ez al dago zapaltze bat, esku-hartze bat, nagusitze bat?

Eider Rodriguezi entzun genion orain dela gutxi gazteleraz irratian, Un montón de gatos liburuaren harira: “gaztelerara itzultzean (…) nire buruari traizio egin nion, eta [kontakizun bat] kendu nuen, eta horren ordez, beste bi kontakizun berri jarri nituen.” Izan ere, gaztelerazko bertsioak euskarazkoak duen kontakizun bat du faltan eta euskarazkoan ez dauden beste bi gehiago ditu. Autozentsuraz mintzo dira zenbait ikerlari autoitzulpenaren gaia jorratzerakoan; zaku horretan ez da ideologiari loturiko zentsura bakarrik sartu behar, baizik eta kulturari eta gizarteari dagozkienak ere. Terminoa ez dute, oro har, zentzu negatiboarekin erabiltzen. Eider Rodriguezen gaztelerazko kontakizun bilduma itzulpena da edo kontakizun batzuk baino ezin dira itzulpentzat jo? Kasu horretan erraza dugu bigarren aukeraren alde egiteko, baina zer gertatzen da nobelan edo poesian? Liburu bera litzateke? Saiakeran posible al da halakorik?

Ondorioak, aitzinsolasa edo dena delakoa

Hasieran aipatu bezala, galderak hamaika eta erantzun gutxi. Autoitzulpena itzulpengintzaren beste adar baten gisara hartu eta ikertu behar da, finean hori baita, berezitasunak dituen itzulpena, berridazketa eta birsorkuntza. Norberarena ez den itzultzaileak ere hala egiten baitu, muga zorrotzagoekin, jakina, baina itzuli, berridatzi eta birsortu.

Autoitzulpenaren azterketak bide ematen du kultur artekotasunaren eta itzulpenaren arteko loturari erreparatzeko. Autoitzultzaileak, ongi ezagutzen dituen bi sistemen tartean, sistema bataren eta bestearen arauak barneratu eta bereizi edo nahastu egiten ditu. Arras interesgarria da ikustea testu bakoitzak (bai zeinu linguistiko bai ez linguistikoen bidez) bere sistemaren arau eta konbentzioei jarraitzen dien, edo aitzitik nahaste edo gailentze bat gertatzen den. Horri loturik, itzulpena eta ideologia elkartzen dituen teoria andanek badute zer esanik. Whitek autoitzulpena erbeste edo azpiratze egoeran ikusten zuela esan dugu, eta bistan da ez dela azpiratze linguistiko hutsa izanen, baizik eta kulturala eta soziala ere. Hori, nolabait, autoitzulpenean islatu daitekeela iruditzen zait, eta esanen nuke ez dela berdina izanen euskaratik frantsesera edo gaztelerara autoitzultzea, ala alderantzizko noranzkoan egitea. Momentuz, nik dakidala, ez da halako zerbait autore bakarrean ikertzeko aukerarik, egon ez dagoelako, baina diziplinak oraindik ere badu beste hamaika ertz eta gehiago neurtzeke.

Zapore goxoarekin bukatzeko, Harkaitz Canori behin baino gehiagotan irakurritako hitzak:

“Norbere burua itzultzearen ariketak beldurrezko ipuin hura ekarri izan dit beti gogora: naufragatu ondoren irla bakartu batera heltzen den zirujau harena. Zirujauak ez du zer janik irla horretan, eta naufragiotik gauza bat baino ez du salbatzerik izan: bere kirurgilari tresneria. Bere ogibideak giza anatomiaren ezagutza erabatekoa ematen dionez, sobera ere ezagutzen duenez zein den giza gorputzak bizirik jarraitzeko premiazko ez dituen atalen segida, eta ondotxo dakienez erauzirik min gutxien egiten dioten gorputz adarrak zeintzuk diren, apurka-apurka eta bisturia lagun, bere burua jaten joango da, bizirik eutsiko badio irla horretan. Ogibide hitzak erabateko zentzua hartzen du kirurgilariaren kasuan. Halaxe autoitzultzailea ere, bere (li)buruan saihetseko eta alboragarri diren guztiak atzeman nahian, norbere mamuak kudeatzen, haiekin elikatzen”.

Argia, 2008-05-25

Aipuak eta irakurketa interesgarriak:

http://www.continuumbooks.com/books/detail.aspx?BookId=157580&SubjectId=997&Subject2Id=1658

http://isg.urv.es/publicity/isg/publications/trp_3_2011/tassiopoulos.pdf

http://zsdh.library.sh.cn:8080/FCKeditor/filemanager/upload/jsp/UserImages/1142297867406.pdf

http://www.tesisenred.net/bitstream/handle/10803/5274/pllg1de1.pdf?sequence=1


[1] “Beste hizkuntzara” esaten denean, beste kulturara eta gizartera ere esan nahi da.

[2] Whytek bere testura dakartza Valéryren hitzak, Graham Dunstanen Paul Valéry: Le Cimentière Marin (Edinburgh, 1971) edizio eta itzulpenetik hartuak.

[3] Dialogismoa testuen arteko interakzio prozesuari deritzo, polifoniari dagokiona. Ahozkoan zein idatzizkoan, testua ez dago isolaturik, beste diskurtso batzuekin elkarreraginean baizik.

Posted in: Hausnarketa